2012/01/30
Gas naturala Araban
Xabier Garmendia. Eusko Jaurlaritzako Industria eta Energia sailburuordea
Iragan urrian, lehendakariak iragarri zuen Texasen, enpresaburuekin Ameriketako Estatu Batuetara egindako bidaia baten hasieran, badela gas naturala Araban. Iragarpen edo berri horrek Euskadin ez ezik, Estatuan ere oihartzun handia izan zuen, batez ere bi arrazoirengatik: batetik, bertan izan daitezkeen erreserba ustiagarrien kantitate handiagatik, lehen aurreikuspen edo balioespenen arabera; eta bestetik, etorkizunean egin daitekeen ustiapenak teknika berritzaileak erabiltzea eskatuko duelako, adibidez, haueste hidraulikoa edo zulaketa horizontala. Hain zuzen ere, teknika berritzaile horiek dira ohiko gas naturalari, gas sarearen bidez gure etxeetara heltzen den horri, gas ez konbentzionala, arbel-gasa edo eskisto-gasa deitzeko kausa nagusia, gas naturalaren industriaren argotean, gure sukaldeetan edo berokuntzarako egunero erabiltzen dugun gasa ez balitz bezala.
Goraxeago esan dugunez, berriak ikusmin logikoa eragin zuen; izan ere, iragarritako erreserba ustiagarrien kopurua esanguratsua da: 185 bcm (bilioi metro kubiko), gure eskalan garrantzi handiko kantitatea dena. Ideia bat egin dezagun, 60 urtez Euskadin oraingo kontsumo mailari eusteko beste kantitatea, edo duela 30 urte, Bermeoko kostaldean aurkitu eta iragan mendeko 90eko hamarkadaren hasieran, sei urtez ustiatu zen Gaviota gas hobia baino 25 aldiz handiagoa..
Aldi berean, berriak ezinegon edo kezka eragin zuen. Izan ere, berria iragarri bezain laster, zenbaiten iritziz, ustezko edo benetako ingurumen inpaktu larriak ekarriko lituzke ustiapenak, eta ondorioz, energia baliabide baliotsu hori ustiatzea desegokia izango litzateke. Alde horretatik, herrialde batzuetan izandako kasuak azpimarratzen dira, Frantziakoa, esate baterako, bertan, oraingoz, eskisto- edo arbel-gasa ustiatzea debekatu zela iragan uztailean, edo New York Estatuan izaten ari diren eztabaidak, Marcellus izeneko arbel-gasaren hobi handi-handia ustiatzearen komenigarritasunaz.
Hala ere, kasu horiek aipatzen dituztenek ez dute ezer esaten Poloniako kasuaz. Hain zuzen ere, Frantzian baino arbel-gas erreserba handiagoak dituen herrialde horretan gas mota hori ustiatzea erabaki dute, edo Pennsylvania Estatuan urte batzuetatik ustiatzen ari direla aipatutako Marcellus gas hobia, New York Estatuarekin batera, emaitza arrakastatsuez ustiatu ere. Era berean, ez dute ezer esaten Ameriketako Estatu Batuetako eta Kanadako gas-arro batzuetan jatorri ez konbentzionala duen gas naturalaren ekoizpenaz, kantitate handietan ekoizten ari dena. Horren erakusle da, Ameriketako Estatu Batuak gas inportatzaile izatetik esportatzaile izatera igaro izana eta, hartara, munduan energia mota horren ekoizle handiena izan zen 2009. urtean, Errusiaren aurretik.
Aurrekoez gain, ez dute ezagutzen edo ezkutatzen saiatzen dira, Texaseko Barnett Shale deritzon gas hobian, lehendakariak bisitatu eta adierazpena bertatik egin zuen tokian, 150.000 putzu baino gehiago zulatu dituztela azken urte hauetan, eta bertako akuiferoei dagokienez, ez da inolako kutsadura kasurik gertatu, Texasen zulaketa horien baimen eta kontrol lanez arduratzen diren goi mailako agintari eta arduradunek adierazi ziguten bezala. Dallaseko Unibertsitate ospetsuan diharduten adituekin burututako lan jardunaldian, hain zuzen ere, gauza bera berretsi ziguten lehendakariarekin batera hara joan ginenoi.
Iragan urrian, lehendakariak Araban gas naturala dagoela iragartzen zuen egun hartan bertan aditzera eman genuen esplorazio prozesu bat hasiko dela 2012. urtetik aurrera, putzu batzuen esplorazioa esan genuen eta ez ustiapena; izan ere, putzu horien bideragarritasun tekniko, ekonomiko eta ingurumenekoa egiaztatzeko esplorazioa egin nahi dugu lehenbizi, eta geroago, bideragarritasuna egiaztatuz gero, gas horren ustiapenari ekingo genioke.
Beraz, lehenik eta behin, esplorazioa egingo da, hobi zehatz horren parametro teknikoak ezagutzeko, kostu ekonomikoak balioesteko eta ingurumen aldetik izan litezkeen arriskuez jabetzeko. Geroago, eta ez lehenago, bereganatu ezin dugun inolako arriskurik ez dagoela erakutsi eta egiaztatu ondoren, hobi horretan eskuragarri legokeen baliabidea ustiatzeari ekingo genioke; betiere, era edo baldintza seguruetan arituz. Eta hori horrela egin beharra dago, beste arrazoi batzuen artean, ez dagoelako bi hobi ezaugarri berdinekin, horietan egin beharreko estimulazio tekniken aurrean izaten diren portaeraren eta erantzunaren ikuspegitik.
Teknika hidraulikoa, gas naturala harrapatuta dagoen harri ama estimulatzeko erabiltzen den teknika, funtsean, putzu bakoitzean ura presio handian sartu edo injektatzean datza. Urarekin batera, silize kantitate txikiak (%3) eta gehigarriak (nahastearen %2 baino gutxiago dena) sartzen dira. Teknika horren bidez, harri ama hausten da, eta barnean adsorbatuta duen gasa askatzen da, geroago putzua ustiatu ahal izateko. Hori horrela, erabili beharreko silize eta gehigarri mota eta proportzioak hobi bakoitzaren ezaugarrien araberakoa izango da, kasuan kasu zehaztasunez probatu eta ezagutu behar dena, hain zuzen ere.
Bestetik, teknika edo estimulazio horren aurrean, hobi bakoitzaren erantzuna ezberdina izaten da; izan ere, hobi bakoitzak kantitate desberdin bat itzuli edo kanporatzen du, hausketan erabiltzen den ur eta gehigarriz osatutako nahastearen %10 eta %80 artean. Hori horrela, erabiltzen den nahaste hidraulikoa jasotzeko eta tratatzeko instalazioak ezberdinak aurreikusi behar dira kasu bakoitzean.
Gainera, beharrezkoa da ezagutzea zenbat ur behar den putzu bakoitza estimulatzeko, hobien ezaugarrien arabera ezberdina dena. Horrekin batera, Subijanako akuiferoa kutsadura arriskurik edo kalterik gabe zeharkatzeko zer teknika erabili behar den ezagutzea ere beharrezkoa da. Zorionez, ezagutzen dugun akuifero baten aurrean gaude, Subijanakoa sarritan zulatu baita arrakastaz. Aurrekoaz gain, putzuen zulaketa fasean gertatzen diren inpaktuak ere ezagutu beharra dago; ustiapen fasean, berriz, instalazio industrialik ez da behar, eta lan-gunean putzu-buru txiki bat baino ez da izaten.
Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da Eusko Jaurlaritzak iragarritako esplorazio programa hastea, aipatutako aspektu guztiak ezagutzeko lehenbizi, eta geroago erabakiren bat hartu ahal izateko, Gran Enara deritzon gas hobia ustiatzearen komenigarritasunaz. Horixe da prozesua, zalantzarik gabe, behar besteko ezagutza eta informazioa eskuratzeko, zuhurtasun edo ardura printzipioa aplikatzea, besteak beste, ahalbidetuko diguna, hobiaren etorkizunaz behin betiko erabakia hartu aurretik jarraitu beharreko prozesua, hain zuzen ere.
Aipatutako zuhurtasun printzipioa erabakiak hartzeko gida bat da eta Europar Batasunaren eta berau osatzen estatu kideen araudi eta administrazio izapideetan aintzat hartzen dena. Printzipio horren funtsak, hitz gutxitan, hauxe dio: erabakiak hartzerakoan, beharrezkoa da aldez aurretik aztertu eta ziurtatu erabakiok ez dutela arriskurik edo kalterik eragingo ingurumenean edo pertsonen osasunean. Zenbaiten aburuz, printzipio horretaz egiten duten interpretazioari jarraiki, ingurune batean egin ditzakegun jarduera batzuen aurrean, ingurune horretan eragin litekeen inpaktua edo ingurunearen erantzuna ezagutzen ez dugun heinean, ez genuke inolako jarduerarik egin beharko. Era horretan, zuhurtasunaren inguruko funtsezko printzipio hori debeku printzipioa bihurtzen dute, haren espirituarekin zerikusirik ez duen interpretazio okerra eginez.
Interpretazio desegoki horren arabera, berrikuntza oro debekatuta egongo litzateke; printzipioz, ekintza edo jarduera berriaren inpaktua ezezaguna baita. Hori horrela, argi eta garbi dago zuhurtasun printzipioaren aplikazioan bestelako interpretazioa egin behar dela. Interpretazio egoki horrek esan nahi du ez dugula ingurunean jarduerarik gauzatu behar arrisku ezezaguna edo onartezina badakarte ingurunerako. Horrexegatik, hain zuzen ere, iragarritako esplorazio lanei ekitea da logikoa, arrazionala eta zuhurra gure kasuan. Ildo horretatik, gure beharretara ondoen egokitzen diren haustura hidraulikoaren eta zulaketa horizontalaren teknikak probatzea eta haien emaitzen berri izatea komeni da; betiere, lan horiek guztiek eragin ditzaketen inpaktuak ezagutu nahian. Hartara, beti bermatuta izango dugu kalterik edo inpaktu larririk ez eragitea: izan ere, kasurik txarrenean, eta Araban gas ez konbentzionalaren ustiapena ezinezkoa balitz arriskurik gabe, esplorazioari dagokion aurreko fase horren lanen ondorioz eragin litezkeen inpaktuak txiki-txikiak, garrantzi gabekoak, erraz konpontzekoak eta lan egindako eremua hasierako egoeran uzteko modukoak izango lirateke. Zuhurtasun printzipioari fidela izanik eta haren aplikazio egoki eta zuhurra eginez gure aldetik.
Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak erabaki du Araban gas natural ez konbentzionalaren ustiapenaren bideragarritasun ekonomikoa eta ingurumenekoa aztertzea edo esploratzea; uneoro, ingurumen alderdiak kontuan hartuz. Hala, gas horren bideragarritasuna egiaztatuz gero, hurrengo hamarkadei begira, Euskadiko energia iraunkortasunaren aldeko berri ezin hobea izango litzatekeelakoan gaude. Hori guztia, gobernu orori eskatu behar zaion ardura bereganatua Eusko Jaurlaritzaren aldetik, haren ekintza eta jardueren bidez, herritarrei etorkizun hobea, iraunkorragoa, eta, beraz, argiago eta bideragarriagoa eskaintzeko xedez.
© 2011 Ente Vasco de la Energía - EVE • Alameda de Urquijo, 36 - 1º • Edificio Plaza
Bizkaia • 48011 BILBAO • Tel.: (34) 944 035 600 • Fax: (34) 944 035 699