cabecera

Europako politikarekin bat datorren Euskadiren apustua.

Europako estrategia

EBren Liburu Berdeak, ?Energia iraunkorra, lehiakorra eta segurua izateko Europako Estrategia? izenekoak, Europaren kanpo-mendekotasuna gutxitzeari begira ematen dituen gomendioen artean, erregai alternatiboak sartzearen komenigarritasuna aipatzen du. Ildo horretatik, 2020. urterako, helburu desiragarri gisa hauxe ezarri du: garraio alorraren energia-eskariaren %20 energia alternatiboen bidez (biodieselaren bitartez, adibidez) ase edo betetzea. 2007ko martxoan, EBko Ministroen Kontseiluak onetsi zuen %10 izatea bete beharreko gutxieneko helburua bioerregaien kontsumoari dagokionez 2020. urteari begira.

Aipatutako Liburu Berdea argitara eman ondoren, 2003ko maiatzaren 8an, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2003/30/CE zuzentaraua onartu zuten, garraio alorrean bioerregaien eta beste erregai berriztagarri batzuen erabileraren sustapenaz diharduena. Zuzentarau horrek honako helburu desiragarri hauek ezarri zituen bioerregaien erabilerari begira: %2 izatea 2005eko abenduaren 31n eta %5,75 izatea 2010eko abenduaren 31n. Gainera, Europar Batasuneko estatu kideei eskatzen zien gai honi heltzeko, eta euren herrialdeetan helburu zehatzak jartzeko. Horrekin batera, estatuei galdegiten zien biorregaiak sustatu eta zabaltzeko hartutako erabaki edo neurrien eta lortutako emaitzen berri emateko Europar Batzordeari urtero.

Euskadiko Energia Estrategia

Euskadin, bioerregaiei lotutako helburuak 2010eko Euskadiko Energia Estrategian (3E-2010) ezarri dira, 2004ko abenduan Eusko Jaurlaritzak onetsitakoa.

Aipatutako Energia Estrategiak bioerregaien ekoizpenaren eta kontsumoaren inguruko helburuak finkatu ditu. Ekoizpenari dagokionez, helburua da urtean 50.000 tona biodiesel eta 220.000 tona bioetanol ekoiztea 2010. urterako. Kontsumoari doakionez, xedea da urtean erregai konbentzionalen 177.000 tona petrolio baliokide ordezkatzea 2010. urtera begira. Erregai konbentzionalen ordez erabiliko diren bioerregaien eskaria %11,9 izango da 2010. urtean.

Datu horiek guztiek argi eta garbi erakusten dute Eusko Jaurlaritzak egindako apustua bioerregaien alde, petroliotik eratorritako produktuak ordezkatzeko asmoz.

logotipos