cabecera

Biodieselaren abantailak.

Bioerregaiek oro har, eta biodieselak bereziki, ingurumen-inpaktu txikiagoa dute, erregai fosilekin alderatuta, bai euri azidoari, bai berotegi efektuari dagokienez.

Energia fosilaren aurreztea

Garraio arloaren energiaren kontsumoa handia da oso; izan ere, Euskadin, petroliotik eratorrien eskari osoaren %56 arlo horri dagokio.

Gainera, garraio alorrak petroliotik eratorriekiko mendekotasuna ia erabatekoa da; hain zuzen ere, inolako kontrolik ez dugun energia iturri horren menpe egotera behartzen gaituena eta haren ekoizpena munduan tirabira handienak dauden lekuetan pilatzen dena.
Petroleo y derivados
Horiek horrela, gasolio konbentzionalaren ordez biodiesela erabiltzeak energia fosil asko aurreztea dakar, ondoko  grafikoan ageri den bezala. Grafiko horretan energia fosilaren aurrezkiak azaltzen dira, biodieselaren sistema batzuetarako.
Energía fósil

BD100A1 sistema:
%100 landare-olio gordinetik lortutako biodieselaren ekoizpena eta erabilera.
BD10A2 sistema:
Landare-olio erabilietatik lortutako biodieselaren ekoizpena eta erabilera, gasolioarekin nahastua (%10).
BD100A2 sistema:
%100 landare-olio erabilietatik lortutako biodieselaren ekoizpena eta erabilera.

Gasolio konbentzionalarekin gertatzen denaz bestera, biodiesel erregaiaren berotze-ahalmenetik lortzen den energia-kantitatea handiagoa da, ekoizteko kontsumitzen dena baino. Biodieselaren ezaugarri berezi hori “Energia Fosilaren Ratioa” deritzon parametroaren bidez kalkulatzen edo neurtzen da, eta era honetan lortzen da: erregaiak berak duen energia zati erregaia ekoizteko eta banatzeko kontsumitzen den energia.
ERREGAIA ENERGIA FOSILAREN RATIOA
Diesel EN 590 0.968
BD5A1 1.002
BD10A1 1.038
BD100A1 3.856
BD5A2 1.014
BD10A2 1.065
BD100A2 21.861
Iturria: CIEMAT

Ingurumen-abantailak

Erregai honek landare-jatorria duenez gero, biodiesela oso biodegradagarria da. Hori dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, ez da kalte handirik sortzen ingurumenaren ikuspuntutik. Gainera, su hartzeko tenperatura edo sugar-puntua 110 0C-tik gora du; beraz, ez da produktu arriskutsutzat jotzen.

Motorren errekuntzan sortzen diren emisioei dagokienez, biodieselak ez du ia sufrerik, eta, beraz, SOx emisiorik ez da gertatzen; euri azidoaren eragile nagusia dena, hain zuzen ere.
Karbono dioxidoaren (CO2) emisioei doakienez, gasolio konbentzionalak eragiten dituenak baino gutxiago direla nabarmendu behar da. Horretaz gain, CO2 zikloan emisioak neutroak dira; izan ere, biodiesela fabrikatzeko erabiltzen diren landaren hazkuntzan xurgatzen duten CO2 kantitatea eta ibilgailua erabiltzean aireratzen den kopurua bera da (CO2-aren ziklo itxia).

Bestaldetik, biodieselak ez du bentzenorik, ez eta minbizia eragin lezakeen bestelako produkturik ere.ACCIONA-ENERGÍA konpainiak ibilgailuetan urtebetez egindako proben arabera, gasolioaren ordez biodiesela erabiltzeak honako emisio kutsagarri hauen murrizketa dakar, ehunekotan adierazita:

  • CO2-aren emisioen %90 gutxiago.
  • Sufre dioxidoaren (SO2) %99 gutxiago, landaretza eta gizakiontzako kaltegarria den gasa.
  • Partikula kutsagarrien %52 gutxiago, hirietan sortzen den ke-laino edo smog-en eta arnasketari lotutako gaixotasunen eragile nagusiak diren partikulak.
  • Erre gabeko hidrokarburoen %63 gutxiago, osasunarentzako arriskutsuak diren konposatuak, minbizia eragin baitezakete.
  • Karbono oxidoaren (CO) %22 gutxiago, hiri handietan kutsadura eragiten duen gas kaltegarria.
Garraioan erabiltzen diren erregaiak ageri dira ondoko irudian, eta horietako bakoitzaren eragina CO2  emisioekiko (ardatz horizontala) eta bestelako partikulekiko eta NOx  emisioekiko (ardatz bertikala).

Ikus daitekeenez, CO2 emisioen kopuruak gora egiten du grafikoan eskuinalderantz jotzen dugun neurrian. Halaber, zenbat eta gorago egon grafikoan erregai bat, orduan eta partikula eta NOx emisio gehiago aireratuko ditu erregai horrek.

Gasolio konbentzionalaren emisioen aldean, biodieselenak murritzagoak dira; izan ere, CO2 emisioen kopurua askoz txikiagoa da biodiesela erabiltzen denean gasolioaren ordez. NOx  eta partikulen emisioei dagokienez, aldiz, maila bertsuan daude erregai biak, grafikoan ageri den moduan.

Horiek horrela, CO2 emisioak gutxitzeko konponbideetako bat biodiesela eta bioetanola erabiltzea dela ondoriozta dezakegu.

Gizarte-abantailak

Biodiesela erabiltzeak kanpo energia-mendekotasuna gutxitzen laguntzen du, kontsumitzaileentzako eta ekonomiarako, oro har, onura dakarrena, petroliotik eratorritako produktuen prezioen etengabeko gorabeherek eragiten duten ziurgabetasuna kontrolatzen baita.

Bestaldetik, begien bistakoa da abantailak baino ez dakartzala bertako bioerregaia erabiltzeak; gure herriko enpresek fabrikatu eta banatuko baitute biodiesela. Gainera, enpresa horietan arituko diren langileak bertakoak izango dira. Beraz, hobe da bertako bioerregaia erabiltzea eta ez ekarri edo inportatzea beste herrialde batetik.

Azkenik, nekazaritza alorrean eta biodieselaren fabrikazioan eta horniketan sortuko den enplegua nabarmentzekoa da. Horrekin batera, utzitako edo abandonaturiko nekazaritza-lurren berreskurapena aipatu behar da. 

Abantaila teknikoak

Biodieselaren errekuntza gasolioarena baino hobea da, egituran oxigeno gehiago baitu. Horren ondorioz, kedar- emisioak nabarmen gutxitzen dira, ia %55eraino. Hala, ke beltz eta usain txarrik ez da sortzen.

Bestetik, biodieselaren labaingarritasun handiak motorra babesten du, marruskadura eta zarata txikiagoak baitira. Hori dela medio, mantentze-lanen gastuak gutxitzen dira.

logotipos